XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Pura-sangrerekin, hori baino handiagoak ere badituk eginak, Mieltzo.

- Handiagoak?

Istripuak esan nahiko duk, ezta?

- Bai, bai, hori, pareta jotakoak eta horiek noski.

- Badakik, gaztetako gauzak, motel!

Gaztetakoak edo zahartzarokoak, Mieltzoren gauzak behintzat.

Lanera bere bizikletarekin joaten zen egunero, uda eta negu, hotz eta bero, eguzki edo euri.

Gorakoak poliki, baina, beherakoak ziztu bizian beti, eta ez zen berandu ibiltzen zelako, beste presa klase bat.

Txima guztiak burutik galdu beharrean eta bi begiak malkotan urtzen, han joaten zen goizero-goizero bere igeltsero lanetara.

- Zertan ibili behar diat poliki eta beldurrak, dauzkadan frenoak edukita? -esan ohi zuen beti, harroputz eta tente jarririk, bi eskuez bizikletaren frenuei eraginez.

Baina, goiz euritsu batean, betiko martxan lanera zihoala, bihurgune batean frenuari eman, eman omen zion, baina bizikletak ezta kasorik ere, zuzen-zuzenean, danba!!

Irungo Etxebarria baserriari aurrez-aurre.

Han gelditu zen seko lurrean, korderik gabe gizarajoa bere bizikletaren ondoan.

Baserrikoek soinuren bat edo entzun omen zuten, baina kasorik ez.

Etxeko nagusia, gosaldu eta kanpora atera zenean, hantxe aurkitu omen zuen lurrean zerraldo.

Askorik apuratu gabe, balde-ura hustu omen zion palastaka-palastaka muturrera jaurtiz.

Mieltzo derrepente esnatu eta zutitu ere bai.

Baina oso larri ordea.

Ezertxo ere entzuten ez zuela gelditu gizarajoa.

Bi belarrietatik zeharo gortuta.

Sendagilearengana joan, eta ez zion inportantzia handirik eman.

Kolpearena zela, baina, ez zuela hautsirik edo dainaturik.

Halakoren batean berriz entzuten hasiko zela.